Prestakuntzak
etorkizunari aurre egiten lagundu behar die gure gazteei. Gainera bermeekin aurre egiten.
Umeek horri aurre egin
diezaieten eta pertsona gisa eraiki daitezen, hezkuntza-politikak haien
gaitasun pertsonalak garatu behar ditu, kalitatezko oinarrizko hezkuntza
baten bidez. Hori egitean, ikasleen erritmo eta ezaugarri
desberdinekiko erabateko errespetuaren aldeko apustu argi eta garbia
egiten da.
«Ezagutzen ikasteko, egiten ikasteko, elkarrekin
bizitzen ikasteko eta izaten ikasteko» beharra daukagu. Gure gazteek
komunikazio linguistikoan, gaitasun digitalean eta espiritu ekintzailean
sakondu behar dute. Gai eta eduki horiek une oro izan behar dira
kontuan, matematikak edo zientziak lantzen diren bitartean.
Baina, hori
guztia zertarako? Ikasleei pertsona gisa prestatzen laguntzeko eta
ikasketak amaitzen dituztenerako aurrez finkatutako helburuak betetzeko.
Zehaztu dezagun zer nahi dugun gure gazteentzat, eta jar ditzagun
helduaroan bizitzari aurre egiteko beharko duten maila edo profila
izateko beharko dituzten tresnak. Horretarako, beharrezkoa da ikasleek
Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntza amaitzerako —hezkuntza-xedeak
betetzeko eta bizitzaren esparru eta egoera guztietan moldatzeko prest
egon daitezen— lortu behar dituzten oinarrizko gaitasunak definitzea.
Ikuspuntu
horretatik, aipatutako alderdiak kontuan izanda, eta zuzentzen dudan
Sailak azken urteetan egindako bideari jarraipena ematearren, Heziberri
2020 Plana jarri genuen abian 2013-2014 ikasturtearen hasieran; irismen
handiko proiektua. Heziberri 2020 Planean, proiektu osagarri hauek
garatuko ditugu: lehenik eta behin: «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren
esparrua» landu eta adostea. Lan hori egina dago jada. Bigarrenik:
Euskal Autonomia Erkidegoko curriculumak ezartzen dituzten dekretuak
osatu eta adostea. Horretan ari gara. Eta, hirugarrenik: Hezkuntzari
buruzko Euskal Lege bateranzko pausoak ematea.
Ibilbide luze eta
emankorra duten hezkuntza-esperientzia ugaritatik abiatu gara, eta
lagungarriak gertatu zaizkigu hezkuntza-komunitateak partekatzen duen
kultura pedagogikoa eraikitzeko.
Ibilbide horretako mugarri
garrantzitsuenetako bat Euskal Curriculumaren proiektua izan da;
hezkuntzako, gizarteko eta politikako agenteen baterako ekimena.
Hasiera-hasieratik esan dugun bezala, Gobernu honek euskal
hezkuntza-sistema etengabe hobetzea du helburu, eta xede horretara
bideratuko ditu bere ahaleginak, hezkuntza-agenteen arteko adostasunean
oinarrituta, egonkortasunean, eta gorabehera politikoetatik salbu.
Heziberri 2020 Planak soildu egin nahi du bide hori, bere
bideragarritasuna eta segurtasun juridikoa ziurtatuta.
Ezin uka
LOMCEk eragina izan duela proiektuaren fase berri honetan, baina, lehen
ere askotan esan dugun bezala, gure balio nagusietako bat
hezkuntza-komunitateko sektoreen arteko lankidetza da. Beste behin ere,
agerian gelditzen ari da hori. Eusko Jaurlaritzan, inoiz egin gabeko
partaidetza-prozesu bat sustatu nahi izan du.
Debatea irekitzeko
erabakia hartu genuen, eta ez zen batere erabaki okerra izan, uste osoa
baitut partaidetzak eta elkarrizketa eraikitzaileak adostasuna ekartzen
dutela. Lehenengo aldiz, hezkuntzako, gizarteko eta politikako agenteek
curriculum-dekretu bat lantzeko eginkizunean parte hartzeko aukera izan
dute. Pertsona asko ari dira curriculum horren edukia definitzen
laguntzen eta edukiaren definizio horretan parte hartzen. Ia
hezkuntza-komunitate osoa ari da curriculum berriak egiteko jardueran
Gobernuarekin parte hartzen, zuzenean. Horiei guztiei eskerrak eman nahi
dizkiet, publikoki, gure hezkuntza-sistema etengabe hobetzearren egin
dituzten ehunka proposamen eta ekarpenengatik, eskainitako
denborarengatik eta egindako ahaleginarengatik.
Hemendik gutxira,
haur hezkuntzako eta oinarrizko hezkuntzako curriculumen bigarren
zirriborroa bidaliko diegu hezkuntzako agenteei, eta, hortik pixka
batera, behin betiko dokumentua aurkeztuko dugu. Partaidetzan
oinarritutako dokumentua izango da, beraz, eta horrek balio handia du.
Horrez gain, Hezkuntzari buruzko Euskal Lege berriranzko aurretiazko
pausoa izango da, eta zalantzarik gabeko erreferentziak izango dira
adostasuna, lankidetza eta elkarlana. Erronka kolektibo baten aurrean
gaude. Lan gogorra izango da, baina beharrezkoa eta zirraragarria,
nolanahi ere. Eta on egingo dio gure gizarteari.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina